24 argazkiz osatutako bilduma da Beñat Gereka artista getariarrak Donostiako Euskal Itsas Museoan erakusgai jarri duena. Bilduma horren bitarteaz, “denboraren iraganak sortzen dituen lerro, kolore, textura eta formak” ikusaraztea du helburu Gerekak.

Getariako portuan ateratako argazkiak dira guztiak eta “txalupa, gurdi, arraun edo hormetan aurkitutako irudiak” agertzen dira bertan. Irudi horiek portuko itsas-emakume zein gizonen eraginez nahiz urteen joan etorriaz, eguraldia edo salitrea dela-eta, sortutakoak dira. “Argazki makroen bitartez, gure eguneroko bizitzako objektuen xehetasun harrigarriak erakutsi nahi ditu artistak, batzuetan oharkabean pasatzen direnak eta herri baten nortasunarekin lotzen gaituztenak”.

Erakusketa Euskal Itsas Museoan dago ikusgai abuztuaren 25a arte. Museoa Donostiako portuan dago; getariarraren erakusketa, zehazki, museoko ganbaran. Asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara dago museoa zabalik, eta igande nahiz jai-egunetan, 11:00etatik 14:00etara. Sarrera hiru euroren truk eros datieke –murriztua 1,50 eurotan–.