Antxua Egunaren karietara, antxoaren eta berdelaren kanpainari buruzko datuak aurkeztu zituzten pasa den ostiralean Getariako portuan. Bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapia, Haritz Alberdi Getariako alkatea, Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea, Leandro Azkue Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria, Emeterio Urresti Getariako Kofradiako presidentea, Miren Garmendia Gipuzkoako Kofradiaren zuzendaria eta Eusebio Arantzamendi Bizkaiko Kofradiako presidentea.

Maiatzaren 1a bitarteko datuen arabera, Gipuzkoako eta Bizkaiko portuetan, orotara, 6.734.991 kilo antxoa deskargatu dituzte, 1,51 euroko batez besteko prezioan. Horietatik 2.619.836 kilo EAEko flotak deskargatu ditu, kiloko 1,61 euroko batez besteko prezioan; hala, guztira 4.229.248,05 euroko fakturazioa lortuz.

Iaz, data berdinetan, 5.926.506 kilo antxoa deskargatu zituzten EAEko portuetan, kiloa 1,89 eurotan. Beraz, aurten antxoa kilo gehiago arrantzatu dituzte baina prezio baxuagoan ari dira saltzen.

Gipuzkoako portuetan (Getarian, Pasaian eta Hondarribian) 2.938.439 kilo deskargatu dira, 1,55 euro/kiloko bataz besteko prezioan. Bizkaian (Bermeon, Ondarroan eta Santurtzin), berriz, deskargak 3.800.000 kilo ingurukoak izan dira, 1,47 euro/kiloko batez besteko prezioan. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiaren hitzetan, “espero dugu kosteraren bilakaera positiboa izatea euskal arrantza sektorearentzat, bai harrapaketei bai batez besteko prezioei dagokienez”.

Berdelaren kanpaina azken txanpan sartuta

Berdelaren arrantzari dagokionez, hilaren hasierara arte, Gipuzkoako eta Bizkaiko portuetan deskargatutako kiloak 9.150.787 izan dira, 1,33 euroko batez besteko prezioan. Horietatik, EAEko flotaren harrapaketa 5.826.083 kilokoa izan da, kiloko 1,21 euroko batez besteko prezioan. Fakturazio orokorra, berriz, 7.041.584 eurokoa izan da.

Gipuzkoako portuetan 5.600.504 kilo deskargatu dira, batez beste 1,26 euro/kiloko prezioan. Bizkaian deskargak 3.550.283 kilo ingurukoak izan dira, kiloko 1,44 euroko batez besteko prezioan.

Dagoeneko, EAEko arrasteko eta inguraketako flotak berdelaren kuotaren %87a eta %100a arrantzatu dituzte, hurrenez hurren –arraste-kuota 180.000 kilokoa da eta inguraketakoa 4,3 milioi kilokoa–. Ontziteria txikienari dagokionez, Bizkaiko flotak 3,3 milioi kilo ditu eta horietatik, %21a harrapatu du. Gipuzkoako flotak 1,4 milioi kiloko kuota du eta, momentuz, %29a arrantzatu du.

Nahiz eta berdelaren arrantzaren batez besteko prezioa, oro har, aurreko urtearekin alderatuta (1,05 euro kiloa) apur bat igo, berdelaren harrapaketan izandako jaitsiera dela eta, ez da sarrerak orekatzea lortu. Izan ere, iaz, maiatzaren lehena bitartean, jada, 11.625.796 kilo berdel deskargatu zituzten Gipuzkoako eta Bizkaiko portuetan. Nabarmendu dutenez, azken hiru urteotan, arte txikian aritzen diren arrantzaleen beherakadak eragin zuzena izan du.

Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Lotutako albisteak: