Aita Mari ontzia bisitatu eta Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) elkarteko ordezkariekin bildu asmoz, Getarian izan dira Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendoza, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguez, Giza Eskubide eta Kultura Demokratikoko zuzendari Ion Gambra eta Ana Priede, Lankidetza zuzendaria.

Joan den ostiraletik datorren ostegunera, maiatzaren 9ra, arte Aita Mari erreskate ontzia Getariako portuan egongo da. Bertan dagoen bitartean herritarrentzat ateak zabalik izango ditu eta interesatuek doan bisitatu ahal izango dute Mediterraneo itsasoan ehundaka bizitza salbatzea ahalbidetzen duen erreskate ontzia.

Mendozaren hitzetan, itsasoko eskubideari buruzko Nazio Batuetako Konbentzioaren 98. Artikuluan jasota dagoen eskubidea da itsasoan desagertzeko arriskuan dauden pertsonei laguntza ematea eta lan horixe da SMH elkarteak egiten duena: “Duela bederatzi urte abiatu zen lehen aldiz Pasaiako portutik Aita Mari ontzia Mediterraneorantz eta ordutik, milaka pertsonari eman die laguntza eta ehunka bizitza salbatu dituzte. Erabat miresgarria da egiten dutena eta gure lurraldeko baliorik onenak islatzen ditu proiektu honek, itsaso zabalera eta egoera benetan gogorretara elkartasuna, itxaropena eta babesa eramanez”.

Dominguezek adierazi du “oso harro gaude Aita Marik egiten duen lanarekin”. Era berean, gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldunditik “oso harreman estua” dutela lurraldeko gizarte-erakundeekin eta, hainbat proiektu eta hitzarmenen bidez, bazterketa-egoeran dauden pertsonen integrazioa eta bizitza errazten direla.

Aita Mari ontziak hurrengo geldialdia Pasaiako Itsas Festibalean egingo du eta bertan ere, herritarrentzat zabalik izango ditu ateak.

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Lotutako albisteak: