GetaiTri Triatloi Taldeak, I. San Anton Bira itsas zeharkaldiko antolatzaileak, azken orduan egin behar izan zuten ibilbide aldaketaren azalpenak eman ditu sare sozialetan. Adierazi duenez, probak sentsazio “gazi-gozoa” utzi die. “Orain hilabete batzuk, antolakuntza lanekin hasi ginenetik, ordezko ibilbide bat prestatu genuen, itsaso edo klimatologiaren kapritxoei erantzun ahal izateko”, esanez hasi du azalpena.

Jakinarazi duenez, atzo 7:30ean elkartu ziren eta zuzendaritzako bi kide San Anton aldera joan ziren baldintzak aztertzeko. 09:00etan hartu zuten aurreikusitako ibilbidea egiteko erabakia, beraz, ingurua prestatzen hasi ziren.

Haizearekin egoera okertu zen handik ordubetera. Une horretan, gainera, hegaluzearen kanpainan dabiltzan bi arrantzontzi 11:30 inguruan porturatuko zirela jakinarazi zioten: “Baimen guztiak zuzen izan arren, itsasontziak portura sartuko zirela esan ziguten”. Horregatik atzeratu zuen irteera ordu erdiz.

“Bitartean, Gaztetape eta San Anton inguruko ontzietatik bertan igeri egitea oso arriskutsua bihurtzen ari zela esan ziguten”. Hargatik, segurtasuna lehenetsita, 11:10ean, erabaki zuen proba osoa Malkorben egitea, dioenez “agian beranduegi”. “Pena handiz, baina erabakia zuzena izan zelakoan gaude”. Azkenik, itsasontziak porturatzean hasi zuten proba.

Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete parte-hartzaileei izandako ulermen eta pazientziagatik. Era berean, iradokizunak, iritziak nahiz kritikak entzuteko prest daudela jakinarazi dute.

 

Lotutako albisteak: