Gaur, abenduak 14, jokatu da Egunean behin euskarazko jokoaren finala Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Ehundik gora parte hartzaile bertaratu dira, tartean Getariako Shanti Arrieta (Txantxi Dotore izenarekin jokatzen du).

Hainbat mahaitan banatuta, lau sailkapen fase jokatu dituzte. Lehen biek 100 puntu balio zuten, besteak 200 eta azkenak 300. Hamar onenak finalerako sailkatu dira. Arrietak azaldu duenez, kontzentratzea kostatu zaio eta “laugarren fasera arte ez nengoen hain aurrean, baina azkenekoan, 300ekoan, bederatzi galdera asmatu eta gora egin dut. Zortzigarren sartu naiz”.

Lehen hamarrek oholtzan jokatu dute azken partida, 100 puntukoa: “Ez dut oso ondo egin, uste dut sei asmatu ditudala; bederatzigarren geratu naiz. Lehenengo hiruentzat ziren sariak eta nahi nuen hor muturra sartu, baina finaleko finalera iritsi naiz eta ez da gutxi”.

Getariako taldea

Duela zenbait aste sortu zuen ARTZAPEk Getaiarrak taldea Egunean behin jokoan. Aste bakoitzeko irabazleen artean puntuaziorik altuena duenak Salanorteko otarra irabaziko du, eta horren bila doa Arrieta: “Puntuazio ona egin nuen duela hilabete baina azkenaldian ez nabil hain ondo eta Artzape zein beste erabiltzaile batzuk oso fin dabiltza. Badaezpada, otarra ziurtatu beharko nuke”.

Hala ere, ez du erraza ikusten, izan ere, “gero eta jende gehiagok jokatzen du, galderak zailagoak dira, zailtasuna gora doa. Normala da, baina maila eman behar da”.

 

Lotutako albisteak: