Osasun Sailak jakinarazi duenez, “hainbat pertsona identifikatu dira, azken egunetan PCR positiboa izan dutenak, eta haien artean Getariako Kale Nagusiko Politena tabernarekin zerikusia izan dezakeen lotura posible bat besterik ez dutenak. Horregatik, Zaintza eta Kontrol Sareak, prebentzio gisa, uztailaren 9tik (osteguna) uztailaren 12ra bitartean, ostalaritza-lokalean egon diren guztiekin jarri nahi du harremanetan”.

Urola Kostakoei eskatu diete bertako osasun zentroekin jartzeko harremanetan:

  • Getariako osasun-zentroa: 943 14 06 53.
  • Zumaiako osasun-zentroa: 943 00 64 90.
  • Zarauzko osasun-zentroa: 943 00 79 99.

Argitu dutenez, “bertan PCR proba bat egiteko aurretiko hitzordua emango zaie bihar goizeko 09:00etatik aurrera. Proba horiek 09:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 17:00etara egingo dira, Getariako Sahatsaga kaleko udal kiroldegiaren barrualdean ezarriko diren karpetan”.

Uztailaren 9tik (osteguna) uztailaren 12ra (igandea) bitartean Politena tabernan egon diren beste herri batzuetako pertsonek, berriz, Osasun Aholkuaren  telefonora deitu beharko dute (900 20 30 50), edo beren osasun-zentroarekin harremanetan jarri.

Era berean, Osasun Sailak herritarrei gogorarazi nahi die ezagunak diren prebentzio-neurriak hartu behar dituztela, eta, COVIDarekin bateragarriak diren sintomak izanez gero -sukarra, eztula edo arnasa hartzeko zailtasuna-, etxean isolatu eta beren osasun-zentrora deitu behar dutela. Halaber, lasaitasunezko mezu bat zabaldu dute, azpimarratuz, horrelako neurriak prebentziozkoak bakarrik direla.

Momentu honetan, Getariako Udaleko ordezkariek baieztatu dutenez, lau kasu positibo egon dira herrian azken egunetan.

Urritzaren eta gaztelekuaren jarduna etenda

Egoera ikusita, gaur eguerdian erabaki dute Getariako Udalak eta Urritza Aisialdi Taldeak udalekuak bertan behera uztea. Bihartik aurrera ez da, beraz, zerbitzu hori eskainiko eta berrezartzen denean, abisatuko dutela iragarri dute. Era berean, gaztelekua itxita egongo da.

Testak Politenako langileei

Atzo baieztatu zen Politena tabernako langile batek positibo eman zuela koronabirus proban. Hasiera batean, lokala desinfektatuta eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak baimena emanda, martxan jartzea izango zutela aurreikusi zuten. Enpresaren lan arriskuen prebentziorako medikuak aholkatuta, langileak probak egiten ari dira gaur Osakidetzan eta datozen orduetan egingo dituzte denek. “Gero, nahiz eta proban negatibo eman, hamar egunez isolatuta egon beharko da eta taberna itxita egongo da”, azaldu du arduradunetako batek. Langileen bigarren probak ere negatibo ematen badu, taberna ireki ahal izango dute.

 

Lotutako albisteak: