Goizeko 10:30 pasata, aurreikusi baino beranduago, abiatu dira Magallanes-Elkano Espedizioko kideak Sevillarako bidean. Ordubete lehenagotik, gutxienez, azken xehetasunak prestatu eta argitzen aritu dira Elkano Fundazioak Getarian duen egoitza inguruan.

Udaletxean, berriz, Haritz Alberdi alkateak eta Maribi Aranguren turismo teknikariak harrera egin diete Andaluziatik eta Eusko Jaurlaritzatik etorritako ordezkariei. Lehenengoaren izenean, Juan Marin Andaluziako Juntako Turismo Saileko kontseilari eta lehendakariordea eta Manuel Muñoz Turismorako Idazkari Nagusia izan dira Getarian; Jaurlaritzatik, aldiz, Goyo Zurro Turismo zuzendaria. Eraikina zein Julian Ugarteren margolanekin osatutako Elkano erakusketa bisitatu dituzte.

Espedizioa abiatu aurreko prentsa agerraldian Alberdik adierazi du bi ideia azpimarratuko lituzkeela ibilbide honetatik: “Aniztasuna, duela 500 urteko espedizioan ere egon zena, eta kooperazioa, desberdinen arteko lankidetza”. Marinek, berriz, nabarmendu du garai hartan Elkanok eta Magallanesek zuten ilusio eta gogo berarekin ekingo dietela espedizioari oraingoek ere. Ordukotik ikasi omen genuen denok elkarrekin bizitzeko aukera genuela mundu goblalizatu batean, “mundu ezezaguna zen, gaur egungoaren antzera”.

Kideen ilusioa

Sei pertsonek osatzen gute Magallanes-Elkano Espedizioa: Josu Iztueta, Ana Zamorano eta Ion Irurzun euskaldunek, eta Nacho Dean, Emilio Martin eta Maria Pujol andaluziarrek. Fundazioaren gonbidapena jaso zuten lehenengoek eta Iztuetak azaldu du onartzearen arrazoia: “Kirol erronka ez zelako onartu nuen. Batik bat, onartu nuen gure historiari buelta bat ematea zelako, hausnarketa bidaia, ezezagunen arteko elkarbizitza”.

Guztira, 1.600 kilometro baino gehiago egingo dituzte, 100 kilometro inguruko etapatan banatuta. Sevilla izango dute helmuga, baina lehenago Sanlucar de Barramedatik pasako dira. Bidaiaren amaieran, Andaluziako hiriburuan irailaren 18tik 20ra egingo duten Gizarte Berrikuntzen Nazioarteko I. Kongresuan hartuko dute parte.

Bidaia honek mundu biraren bosgarren mendeurrena “beste modu batera” bizitzeko aukera eskaintzen diela argitu du Pujolek. Gaineratu du etapetan pasatako guztiaz disfrutatuko dutela eta “egun onak eta txarrak egongo direnez, elkar lagunduko dugu”.

Kirolaria zein bidaiaria izatea, eta berdintasuna izan dira espedizioko kideak aukeratzeko erabilitako irizpideetako batzuk. Gaur plazatik pasa eta irteera ikusi duen herritar batek baino gehiagok nabarmendu du, ordea, getariarrik ez egotea espedizioan.

 

Lotutako albisteak: