Aurrerantzean, Elkanoren beste margolan batek apainduko du udalbatzar aretoa; Julian Ugarte artistaren lan batek, hain zuzen. Izan ere, Ugarteren familiak Getariako herriari bi margolan eman dizkio dohaintzan, eta horietako bat udalbatzar aretoan jarri du Udalak. Bestea, Haritz Alberdi alkateak adierazi duenez, alkatearen bulegoan jarriko dute.

Gaur goizean sinatu dute Alberdi alkateak eta margolariaren semeak, Asier Ugartek, hitzarmena. Horrela, “artistaren nahiari bide eman diogu: Elkanozalea eta getariarzalea izanik, Getariako herriari lan bat eskaintzeko nahia”, azaldu du Alberdik. Azkenean, dohaintzan utzitako lanak bi izan dira: “Margolan bat, erakusketan egindako bozketaren bitartez, herriak aukeratu du”, bestea, berriz, Udalak.

Ugarteren margolana jartzeko leku aproposena udalbatzar aretoa dela irizten dio Udalak. Alkatearen hitzetan, “herriarentzat leku berezia da; herri ordezkariak egoten dira eta herritarrek ere parte hartzen dute. Gainera, hemen ditugu jarrita Elkanorekin zerikusia duten gauza desberdinak”.

Esker hitzak

Alberdik eskerrak eman dizkio Ugarteren sendiari: “Udal bezala, herri bezala, eskerrak eman nahi dizkiogu familiari. Ohore handia eta plazera da zuen aitaren bi lan hemen edukitzea”. Asier Ugartek ere pozik daudela aitortu du: “Guretzako harrotasun puntu bat ere bada bera hemen presente egotea, eta gu ere oso eskertuta gaude”.

Bestalde, Alberdik aniztasunaren ideia azpimarratu nahi izan du. “Lehen mundu birako bidaia hartan kultur aniztasuna, hizkuntza aniztasuna eta komunitate desberdinetako jende pila bat zegoen eta margolan honek ere, Elkanoren ikuspegiaren inguruan, aniztasun hori jasotzen du”. Udalbatzarrean dagoen margolan bakoitzak Elkano modu jakin batera aurkezten duela eta Ugarterenak ere beste ikuspegi bat eskaintzen duela azaldu du alkateak.

 

Lotutako albisteak: