Atzo arratsaldean egin zen Korosagasti filmaren lehen emanaldia Iturzaeta Herri Eskolako aretoan. 40 pertsona bildu ziren, COVID-19a saihesteko neurriak beteta, pelikula ikusi eta Asier Sustaeta zuzendariak, Netzer Bereziartua Erabaki produkzioakeko kideak eta Joseba Fuentes produkzio taldeko getariarrak emandako azalpenak entzutera.

Pedro Otaegi azpeitiarrak botatako proposamenari jarraituta ekin zion Erabaki Produzkioak Korosagasti ekoizteari. Eskualdeko boluntario ugari –asko ikus-entzunezkoen arlokoak– batu ziren proiektura eta elkarlanean, beraien ogibideek utzitako ordu libreetan eta hainbatetan desorduetan, grabatu zuten filma. Pantailan ikusten denaz harago zeregin ugari dagoela eta produkzioan egin beharrekoak izan zituen hizpide atzo Fuentesek: “Arropak lortu, jendearekin egon, dekorazioko gauzak lortu eta kokatu, klaketa erabili…”.

Filmaketaren ondoren, bigarren “borroka” hasi dela azaldu zuen Sustaetak: lana zabaltzea. Duela bost hilabetetik emaitza eskuetan izan eta, egoeragatik, duela aste gutxi arte ezin izan dutela erakutsi gogoratu zuen. Orain arteko harrera, ederra: jendez betetako bost emanaldi Azpeitian, Beasainen aurkezteko aukera, aurreikusitako beste zenbait proiekzio datozen egunetan… Halako istorioak, sarri, ezkutuan geratzen direla antzeman dute emanaldietako batzuetan; Beasainen esaterako, “Beizamako hilketez akusatutako familiakoen ondorengoak zeuden eta ez zekiten ezer”.

Hedapenaren ildoari jarraituta, zinema aretoen egoera izan zuten hizpide Erabaki Produkzioakeko kideek. Gehienak udal aretoak izan arren, ustiapen pribatua dutela azaldu zuten, eta enpresa bakoitzak areto bat baino gehiago kudeatzen dituela. Hala, batean sartzea lortuz gero, besteetarako bidea egina dago, baina alderantzizkoa ere gerta daiteke, hau da, ate batek gainerakoak ixtea . Horrez gain, errentagarritasuna zaila dela aitortu zuten.

“Gaur egun telebistarik ez badago atzetik, zaila da produkzioak egitea”, adierazi zuen Bereziartuak. Sustaetak, berriz, iritzi zion badirudiela, plataforma digitalen bidez, herritarrek ikus-entzunezkoengatik ordaintzea onartu dutela. “Euskarri horiek dira, beraz, filmak ekoitzi, eta zinema aretoetara eraman gabe, beraien plataformetan estreinatzen dituztenak”.

Astebururako sarrerak

Getariako lehen emanaldia izan zen atzokoa, asteburuan ere egongo baita filma ikusteko aukera. Ostiralean 22:00etan emango da eta igandean, berriz, 19:30ean. Sarrerak salgai daude oraindik Harritarte dendan.

 

Lotutako albisteak: