Ikaragarria izan da Getariako Arraun Elkarteak lortutakoa. TKE Ligara igotzeko txartela eskuratu zuen atzokoan; hala, datorren denboraldian, arrauneko maila gorenean lehiatuko da Getariako ontzia. Atzo, egun handia izan zen getariarrentzat, ospakizun eguna.

Askok Portugaletetik bertatik jarraitu zuten estropada eta aurrez aurre ikusi zuten nola bihurtzen zen errealitate urteetan zehar amestutakoa. Kamiseta zein bandera marroiak ikusi eta danbor nahiz txistu doinuak entzun zitezkeen ibai ertzean. Nabarmena zen, bai, getariarrak handik zebiltzala.

Portugaleten hasi eta Getarian jarraitu zuen ospakizunak. 19:30 inguru iritsi ziren herrira arraunlariak eta getariarrek ongi-etorri bero bezain hunkigarria egin zieten. Denboraldi osoan zehar egindako lanak bere fruituak eman ditu eta atzo, arraunlariek eta herritarrek ilusio eta poz handiz ospatu zuten garaipena.

AUPA ESPERANTZA, AUPA GETARIA!

Lotutako albisteak: