Datorren irailaren 6an, Elkanoren Egunean, egingo da Getarian Elkanoren Lehorreratzea. Aurtengoa, gainera, urte berezia izango da; izan ere, mundu biraren 500. urteurrena izateaz gain, Lehorreratzeak 100 urte beteko ditu. 2022koa nola egin adosteko, azken hilabeteetan parte-hartze prozesu bat garatu du udalak. Herri-elkarrizketetatik jasotako ondorioak oinarri hartuta, dagoeneko, lehorreratze berria nolakoa izango den zehaztu dute.

Besteak beste, jatorrizko herrietako hiru lagun gehituko dira tripulazioara eta kontinenteen ordezkaritza zabaldu egingo da. Aldaketa horiek tarteko, “han eta hemengo museo desberdinen laguntzarekin, orain dela 500 urte eramaten ziren arropak ezagutzeari ekin” diola azaldu du Getariako Udalak. Hurrengo pausoa “Getariako jostunen laguntzarekin, arropa horien patroiak egin eta Lehorreratzean parte-hartuko duten horien jantziak egitea” izango dela gaineratu du udalak; alegia, Amerika, Ozeania, Asia, Afrika eta Europa ordezkatuko dituztenen arropak.

Udalak “lan horretan parte-hartzeko” gonbita luzatu die Getariako jostunei: “Beraien jakintza eta abilezia behar ditu herriak Elkano eta mundubiraren mendeurren hau janzteko”. Datorren astelehenetik, apirilaren 11tik, hilaren 24ra arte, zabalik egongo da izena emateko epea turismo bulegoan (aurrez aurre, bulegoko ordutegian; 943140957 telefono zenbakira deituta; edo infoturismo@getaria.eus posta elektronikora idatzita).

 

Lotutako albisteak: