Goizetik belarriprest edo ahobizi txapak paparrean jarrita ikusi dugu jendea, Euskaraldia hasi denaren erakusle. Getarian, ordea, hasiera ekitaldia iluntzean egin da; 20:00etan, hain zuzen ere. Haur eta heldu, euritatik babestuta, Berdura plazan batu dira hamabost eguneko erronkari eusteko.

Getariako Euskaraldiko taldekideek hartu dute hitza, hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko. Horrez gain, herrian bertan egin dituzten zenbait jardueren berri eman dute, hala nola, horma-irudia margotzea edo Elkanoren Lehorreratzean egindako Euskaraldirako entsegua.

Rola ongi aukeratzearen garrantzia azpimarratu dute, nabarmenduz asmoa ez dela “euskaraz hitz egiteko gai garen edo ez zehaztea, baizik eta zein konpromiso maila hartzeko moduan gauden”. Ariguneek, euskaraz lasai aritzeko guneek, Euskaraldiari egindako ekarpena ere izan dute gogoan.

Azalpen horien ondotik, bi bideo jarri dituzte: batean, Euskaraldiko taldekideek margotutako horma-irudiaren prozesua agertu da eta, bestean, hainbat herritarrek euskara eta egitasmo hau nola bizi duten adierazi dute. Unerik alaiena izan da gero, izan ere, Gure Txeru dantza taldeko haurrek Euskaraldiko abestia dantzatu dute.

Ekitaldia amaitzeko, Enabi bikoteak kontzertua eman du eta euskarazko doinu ezagunak interpretatu ditu, edozein esparrutan baita hitzez ekiteko garaia.

 

Lotutako albisteak: