Getariko Txakolinaren 2022ko uzta berria aurkeztuko dute urtarrilaren 17an, San Anton Egunean, Balenciaga Museoan. Getariako Txakolina Jatorri Deituratik jakinarazi dutenez, 30-45 minutu inguruko ekitaldi pribatua izango da. “Ospakizun herrikoia”, aldiz, 12:45etik aurrera Getariako frontoian egingo da. Bertan, Getariako Txakolina izendapena duten 23 upategitako txakolina dastatzeko aukera izango da.

Balenciaga Museoko ekitaldia Mikel Garaizabal ardo dibulgatzaileak aurkeztuko du. Bertan, besteak beste, 2022ko uzta aurkeztu eta erretiroa hartu duten ondoko lau mahastizainak omenduko dituzte: Julian Ostolaza Manterola (Gañeta), Bixente Eizagirre Aginaga (Talai Berri), Inaxio Manterola Ibarguren (Santarba), Javier Arregi Liciaga (Kataide). Horrez gain, urtero lez, Mahasti Jaun izendapena emango dute. Aurtengoan, Donostiako Pintxoaren Institutuak jasoko du izendapena “pintxoaren kultura berreskuratzeko egindako ekimenengatik eta Donostiako pintxoa mundu mailako erreferente gastronomiko gisa kokatzeko ahaleginagatik”.

Uzta 2021ean baino %20 handiagoa

2022ko uzta Getariako Txakolina Jatorri Deituraren zigiluarekin merkaturatzen den 33.a izango da. Iazko ekoizpena aurreko urtekoa baino %20 handiagoa izan da. Orotara, 4.800.000 kilo mahats bildu dituzte eta 4.300.000 botila inguru merkaturatuko dira.

2022a egun oskarbi asko izan dituen urte lehorra izan dela eta mahatsa oso egoera osasuntsuan bildu dutela adierazi du Getariako Txakolina Jatorri Deiturak: “Mahastiek ez dute Mildiuren (mahatsondoaren onddoa) eraso nabarmenik izan”. Prezipitazio urriak tarteko, 2022ko txakolinak 2021ekoak baino gradu haundixeagoa izango duela ohartarazi du, era berean, “gorputz handiagoa eta azidotasunean oso orekatua”.

Merkaturatzeek ere gora egin dute. 2021arekin alderatuta, 2022an salmentak %13 hazi dira. Guztira, 4.000.000 botila saldu ziren joan den urtean. Gainera, 2021-2022 kanpainako datuek erakusten dutenez, esportazioek %30 inguruko hazkundea izan dute aurreko kanpainarekin konparatuta. Getariako Txakolina atzerriko honako herrialdetan saldu da gehien: Frantzia, Erresuma Batua, Errusia eta Norvegia, hurrenez hurren. Getariako Txakolina Izendapen Deiturarekin, gehien bat, txakolin zuria ekoizten dute. Hala ere, txakolin gorriaren elaborazioa haunditzen doa, batez ere, esportazio-merkaturako. Hain zuzen, %10ekoa da txakolin gorriaren ekoizpena.

Azkenik, azaldu dutenez, gazteak ari dira upategietako lekukotza hartzen: “Belaunaldien arteko erreleboak aurrera jarraitzen du eta kasu gehienetan, sektorearekin erlazionatutako ikasketak egin dituzten gazteak sartu dira”. Upategi bakoitzak, mahats bilketa, mahatsaren heldutasun mailaren eta ekoiztu nahi duen txakolin motaren arabera egiten du. Kasu gehienetan mahats-bilketa eskuz egiten dute, baina badira mahastiak mahats-bilketa mekanikorako prestatuta dituzten upategiak ere.

Gaur gaurkoz, 35 upategik dute Getariako Txakolina Jatorri Deitura. Gipuzkoa osoan zehar, 446 hektarea mahastitatik jasotzen dute hura ekoizteko mahatsa eta 150 mahastizain dabiltza mahasti horietan lanean.

Lotutako albisteak: