Haurrak frontoian jolasean eta helduagoak Berdura plazako azokan hara eta hona goizeko lehen orduetatik hasi diren arren, eguerdian ekin diote San Anton eguneko ekitaldi nagusiari, hau da, uzta berriaren aurkezpenari. Cristobal Balenciaga Museoan, giro bilduan, agintariak, omenduak eta txakolingileak mahai biribiletan zirela egin dute ekitaldia.

Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak azaldu du produktu gutxik izan dutela Euskadin txakolinak adinako bilakaera hain denbora laburrean. Horregatik, zorionak eman dizkie aurten omendu dituzten Julian Ostolazari (Gañeta), Bixente Eizagirreri (Talai Berri), Inaxio Manterolari (Santarba) eta Javier Arregiri (Kataide) –Ixiar Arregik jaso du ikurra bere ordez–.

Getariako Jatorri Izendapenak dituen esportazioak nabarmenduz, Orozek aipatu du txakolina “oso produktu berezia” dela: “Ez da bakarrik ardo bat, bere baitan produktu asko jasotzen ditu, oso singularra da. Lur bati lotuta dago, lurralde bati, gastronomia bati, kalitate gorena du eta hori guztia munduan zehar dagoen kontsumitzaileak eskatzen duena da”.

Gastronomian egin du azpimarra, hain zuzen ere, gaur Mahasti Jaun aipamena jaso duen Donostiako Pintxoaren Institutuak alor hori jorratzen duelako. Elkarteak “pintxoaren kultura berreskuratzeko izandako ekimenagatik eta Donostiako pintxoa mundu mailako erreferente gastronomiko gisa kokatzeko egindako ahaleginagatik” jaso du saria. Ordezkari gisa, Juan Manuel Garmendia eta Patxi Bergara bertaratu dira.

Garmendiak adierazi du “pozez” hartu dutela saria “urte gutxian egindako lanak dagoeneko izan duelako isla Donostiako barretan”. Gaineratu du pintxoak bidelagun aproposa duela txakolina eta horregatik erabiltzen dutela ekitaldi guztietan pintxoak dastatzeko unean. Hitzon ondoren, Aitor Jimenez dantzari getariarrak ohorezko aurreskua dantzatu die Gazte Alaiak Txistulari taldeko kide batek lagunduta.

Mikel Garaizabal enologoak gidatu du uzta berriaren lehen dastaketa, probatu aurretik bere ezaugarriak azalduta. Iazkoa uda beroa izan zenez, alea upategira txiki heldu zela eta ondorioz, “gorputz gehiagoko” txakolina, graduazio altuagokoa, dugula jakinarazi du. Horrez gain, duela lau urte aldatutako mahastiak fruituak ematen hasi dira eta horrek kopurua %20 handitzea eragin du.

Azalpen guztien ondotik, kopa altxa, txakolin berriaren kolorea begiratu, usaindu eta, mahakideekin topa eginda, 2022ko uztako lehen txakolina dastatu dute Balenciaga Museoan izan direnek.

Herriratzea

Jende multzo handia zegoen, ordua jo zain, frontoiko karparen sarreran, ilara egiten. Izan ere, herritarrek bertan izan dute Getariako Txakolinaren uzta berria dastatzeko urteko lehen aukera. Inork hura probatu gabe geratu nahi ez eta, 13:45ean, ateak zabaldu orduko, asko eta asko pauso arinean sartu dira karpara.

Txakolin dastaketari bertsotan eman die hasiera Xebastian Lizasok eta Andoni Egañak. Bina bertso kantatu dituzte eta, besteak beste, apaizaren pare, janak eta edanak kalterik egin ez diezaieten, bertaratutakoak bedeinkatu ditu Egañak. Bertsoak amaitu orduko, 23 upategitako ordezkariak botilak irekitzen eta txakolina zerbitzatzen hasi dira. Karpa bete jende, uzta berria dastatzen aritu da. Txakolinaren ondorioak leundu asmoz, zenbait herritarrek jatekoa ere eraman dute. Hala, txakolina edan bitartean, mokaduren bat ahoratu zezaten.

 

Lotutako albisteak: