Joan den ostegunean, azaroaren 9an, amaitu zen Errigoraren Euskarari Puzka udazkeneko kanpaina. Antolakuntzatik plazaratu berri dituzte emaitzak: 14.000 saski baino gehiago saldu dira eta horrela, Nafarroa hegoaldeko nahiz erdialdeko euskalgintzari 185.000 euroko ekarpena egingo zaio.

Aurtengoan, iaz baino 1.000 saski inguru gehiago eskatu dituzte herritarrek; lortutako diru ekarpena, ordea, 25.000 euro murritzagoa izan da. Beherakada horren arrazoietako bat, aurten, 50 euroko saskia bakarrik egotea izan liteke –aurrekoetan, 55, 65 eta 75 euroko saskiak zeuden aukeran–.

Errigora egitasmoak hamar urte bete berri ditu eta urte hauetan zehar lortutako diruari esker, ia bi milioi euro bideratu dituzte Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko euskalgintzara zein euskarazko proiektuak sustatzera. Antolakuntzatik, zorion eta esker hitzak zabaldu dituzte proiektuaren parte diren eta izan diren guztiei.

Getarian, salto bat

Azken bi kanpainatan, eskaera kopurua nahikoa egonkortuta egon da herrian: 2021ean, 23 saski eskatu ziren Getariatik eta joan den urtean, 22. Aurtengoan, ordea, urrats bat aurrera eman eta 35ekoa izan da eskatutako saski kopurua; alegia, iaz baino 13 gehiago.

Saskien banaketa Eskualtxetan egingo da azaroaren 23an, ostegunean. 16:00etatik 20:00etara, Artzape Euskara Elkarteko kideak arduratuko dira banaketaz.

 

Lotutako albisteak: