Duela bi egun igaro zen Korrika Getariatik baina Iturzaeta Herri Eskolako haurrek eurek azaldu duten moduan, beraiek ere ez zuten ospatu gabe utzi nahi. Hala, euskaraz harro daudela adierazteko, “denen artean” egin dute ahalegina.

15:15ean irten dira, lekukoa eskuan, ikastetxetik. Sahatsaga goia zeharkatuta, Herrerietan behera egin dute eta irribarrez zein txalo artean hartu dituzte herritarrek. Alde zaharra igaro dute gero eta eskolako txikienak batu zaizkie han, Kale Nagusian batzuk eta plazan besteak.

Amaierako ekitaldia plazan bertan egin dute. 6. mailako ikasleek hartu dute hitza eta lekukoan eramandako mezua irakurri dute. Bertan jaso dutenez, euskarak denok zipriztintzen gaitu “eta elkarrekin busti nahi dugu, barre, malkotan, saltoka…”. “Apaltasunetik, harro egiten dugu euskararen herria”, amaitu dute.

Ondoren, maila bereko ikasleek hainbat bertso abestu dituzte eta amaitzeko, Korrikaren abestia dantzatu dute ikasleek zein irakasleek.

 

Lotutako albisteak: