Korrika ofizialaren iritsiera izan ez arren, larunbatekoa berezia izan zen. Harro Herri Getaria egunak herria mugiaraztea lortu zuen. Alaitasunez, emozioz eta harrotasunez betetako arratsaldea izan zen eta getariarrek euskararen aldeko jai bateratua antolatu eta hartaz gozatu zuten; herritik herriarentzat aritu ziren.

Lehenik, haurrek marrazkiak eta petoak margotu zituzten frontoian. Jarraian, 17:30ean hasita, herriko 20 eragilek, banan-banan, Korrikako lekukoa hartu eta Alde Zaharrari itzuli bana eman zioten. Aurrenengo buelta, txistulariek eta buruhandiek elkarrekin egin zuten eta jarraian, gainerako eragileen txanda izan zen. Haur nahiz heldu, adin guztietako herritarrek hartu zuten parte eta euskararen aldeko aldarriz bete zituzten herriko kaleak. Ibilbidean zehar, euskal abestiak kantatzen ere aritu ziren batzuk, baita adarra nahiz bestelako musika tresnak jotzen ere.

Bodegatik podkasteko kideak izan ziren ekitaldia dinamizatzen eta eragileetako kideak elkarrizketatu zituzten, besteak beste, euskararekin duten harremanaz hitz egiteko. Bodegatikekoez gain, musika eskolako txalapartariek nahiz Pepita Enbil eta Salbatore abesbatzek girotu zuten arratsaldea.

Azken itzulia Harro Herri Getaria eguna prestatzen aritu den Korrikako Batzordeak egin zuen eta ibilbideari buelta eman ostean, hauxe izan zen bertaratuei irakurri zien mezua: “Harro gaude gure herrian euskaraz bizi ahal izateaz. Badugu zer hobetu, noski, baina horrelako egunak pizgarri izan daitezke gure kontzientzia astindu eta euskaraz hitz egitearen garrantzia gogora ekartzeko. Beraz, bizi dezagun euskaldun izatearen harrotasuna. Harro Herri!”

Eragile bakoitzak bere itzulia egin ostean, Korrikako kanta dantzatu zuten guztiek elkarrekin, plazan. Jarraian, Aitor Salegi, Amets Aizpurua eta Danel Olano bertsolariak kalez kale ibili ziren bertsotan. Egunari amaiera emanez, musikaz girotuta, ogitartekoak banatu zituzten frontoian.

 

Lotutako albisteak: