Goizaldeko 01:00etarako, jendez beteta zeuden herriko plaza eta inguruak. Kiroleko arropa eta zapatilak jantzita, hala nola, beroketa ariketak egiten, Zarautz alderako norantzan oinez, hizketan edota lekukoa hartzeko puntuaren bila zebiltzan getariarrak. Egun on edo gabon zer esan zalantzati gehienak; izan ere, batzuk lortu dute lo egitea eta ohetik altsa berri zeuden, beste batzuk lo egiteko saiakera galdutan ibili dira eta izan da Getaiko Gazte Asanbladarekin gaua kalean pasa duenik ere. Guztiak, ordea, 23. Korrikara batzeko esperoan eta ilusioarekin zeuden.

02:00ak inguru, atzerapen apur batekin eta jendez gainezka iritsi da herrigunera Korrika. Furgonetaren argiek Getaria eta Zarautz arteko lehenengo tunela zeharkatu bezain laster, jendea urduritzen hasi da. Lekukoa eskuz esku aldatuz, herriko eragileetako hainbat ordezkarik izan dute hura esku artean eramateko aukera, harrotasunez eta irribarretsu.

Zumaia aldera jarraitu du Korrikak eta izan da bide horretan dezente aurrera egin duen getariarrik ere. Ondoren, txokolate beroa banatu dute herritarren artean. Behin txokolatea hartuta, berehalakoan hustu da plaza, askok ordu gutxi batzuk barru lanera joateko esnatu beharra baitzuten.

Gaur, bat baino gehiago biharamun emozionalarekin nahiz fisikoarekin egongo da eta eguna aldapa gora egingo zaio. Eutsi goiari eta Harro Herri!

Korrikaren amaierara joateko autobusean izena emateko azken eguna

23. Korrikak larunbata bitartean jarraituko du Euskal Herriko txokoak bisitatzen. Larunbatean, martxoaren 24ean, Baionara iritsiko da eta bertan amaituko da aurtengo edizioa. Egun osoko egitaraua egongo da Lapurdiko hiriburuan eta hara joateko autobusa antolatu dute eskualdetik. Interesa duenak Harritarten eman dezake izena 15 euroren truke eta horretarako, gaurkoa izango da azken eguna.

Zumaiatik abiatuko da autobusa 08:30ean eta Getariatik, bost minutu beranduago –08:35ean– pasako da.

 

Lotutako albisteak: