Atzo arratsaldean aurkeztu zuen Getariako Udalak udari begira prestatutako Getarian.Gozatu.Kultura egitaraua. Aurkezpenean, udaleko hainbat ordezkarik eta herritarrek hartu zuten parte eta programazioaren inguruko xehetasunak eman zituzten.

Uztailaren 24tik abuztuaren 15era 20 emanaldi egingo dira. Herritar guztien intereseko ikuskizunak antolatzen saiatu direla azaldu du Ekaitz Esteban Kirol zinegotziak: “Antolatzeko momentuan, herriko talde desberdinekin, elkarteekin, gazteekin, adinekoekin… denekin kontatu nahi izan dugu eta kontatu dugu. Bilera desberdinak egin dira, proposamenak jasotzeko emailak jarri eta WhatsApp mezuak zabaldu dira. Azkenean, denon artean honetara iritsi gara”. Hauxe da prestatuko ekitaldien zerrenda:

  • Uztailak 24, larunbata: Afrika Biband, 22:00etan frontoian.
  • Uztailak 25, igandea: Bertso saioa, 18:00etan Meaga auzoan.
  • Uztaiak 31, larunbata: Aukeran dantza taldearen Maurizia Naz ikuskizuna, 19:30ean Bista onan.
  • Abuztuak 1, igandea:
    • Eskuz binakako XXIII. Salbatore Txapelketako kadete eta gazteen finalak, 18:00etan herriko frontoian.
    • Potx eta Lotx pailazoen Etxean ikuskizuna, 19:00etan Bista onan.
  • Abuztuak 3, asteartea: Berdinki zirku garaikidearen Mikra Ikuskizuna, 20:00etan San Prudentzio auzoan.
  • Abuztuak 4, asteazkena:
    • Kantu kolore taldearen Ametsen urtebetetzea ikuskizuna, 19:00etan Bista onan.
    • Musika Hamabostaldiaren baitan Arraun eta amets emanaldia, 20:45 Salbatore elizan.
  • Abuztuak 5, osteguna: Etxekoak oholtzan Getaitik Getaira emanaldia, 20:00etan kiroldegi kanpoko pistan.
  • Abuztuak 6, ostirala:
    • Getariako Musika Bandaren diana, 09:30ean.
    • Getariako Musika Bandaren kontzertua, 12:30ean Harritarten.
    • Eskuz binakako emakumezkoen IV. Elkano Saria eta XXIII. Salbatore Txapelketako 22 urtez azpikoen finalak.
    • Trakamatrakaren ikuskizun musikal-familiarra, 19:00etan Bista onan.
  • Abuztuak 7, larunbata:
    • Gure Txeru Elkartearen haurren danborrada, 17:30ean kiroldegi kanpoko pistan.
    • Intzak hik herriko taldearen kontzertua, 20:00etan Bista onan.
  • Abuztuak 8, igandea:
    • Gazte Alaiak Txistulari Taldearen diana, 09:30ean.
    • KAE1 Ligako estropadak, XII. Getariako Ikurrina, 12:00etan.
    • Puro Relajoren kontzertua, 19:00etan Bista onan.
  • Abuztuak 14, larunbata: Deabru Beltzaken Les tambours de feu ikuskizuna, 22:00etan herriko frontoian.
  • Abuztuak 15, igandea: Herri kirolak, 12:30ean Askizu auzoan.

Kirol zinegotziak adierazi duenez, ekitaldi kopuruari dagokionez, abuztuaren 5,6,7 eta 8a beteago daude, “Salbatore eguna hilaren 6an baita”. Hala ere, nabarmendu du, bigarren urtez jarraian ez direla ohiko “festak” egingo eta proposatutako ekitaldi guztiak egungo osasun egoerara egongo direla egokituta.

Bestalde, aurtengoan, auzoetara iritsi nahi izan duela azpimarratu du Estebanek: “Meaga, San Prudentzio eta Askizu auzoetan ekitaldi bana egingo da. Auzotarrekin bildu gara eta elkarrekin erabaki dugu bertan zer egin”.

Asteazkenetik aurrera gonbidapenak getariarrentzat eskuragarri

Ekitaldi guztietarako sarrerak gonbidapen bidez lortu ahalko dira; alegia, sarrera doakoa izango da. “Ez dugu sarrerarik kobratu nahi izan. Herriko festen ordezko zerbait izango denez, dena gonbidapen bidez egingo dugu”, argitu du Estebanek. Edukiera mugatuta egongo da eta pertsona bakoitzak ekitaldi bererako, gehienez, hiru sarrera eskuratu ahal izango ditu.

Uztailaren 13an, asteazkenean, jarriko dira eskuragarri gonbidapenak, soilik, getariarrentzat; turismo bulegoan eta 19:00etatik 20:00etara. Zinegotziaren hitzetan, “getariarrak lehenetsi nahi genituen, eurei utziz, lehenik, sarrerak eskuratzeko aukera”. Hurrengo egunetik, uztailaren 14tik, aurrera herritar orok lortu ahal izango ditu gonbidapenak, turismo bulegoan ez ezik, Getaria Gertu APParen bitartez.

Zinegotziak ohar garrantzitsu bat nabarmendu du: “Emanaldia hasi baino 15 minutu lehenago bakoitzak bere lekuan eserita egon beharko du, bestela sarrera galdutzat emango da”. Gonbidapenak doakoak izango direnez, neurri horren helburua herritarrek konpromisoz jokatzea dela azaldu du Estebanek: “Sarrera daukanak 15 minutu lehenago barruan egon behar du eta sarrera ez dutenekin beste hilara bat egingo dugu eta lekua egonez gero, horiek sartzen hasiko ginateke”.

Lotutako albisteak: