Aurreko denboraldiko talde bertsuarekin irtengo da aurtengoan ere uretara Esperantza trainerua. Hala, tostarteko arraunlari gehienak harrobikoak eta getariarrak izango dira; zehazki, 20 arraunlaritatik 13.

Getariarrentzat aurreko urtekoa izan zen arrauneko maila gorenean lehiatzen ziren lehenengoa eta ikaragarrizko denboraldia egin zuten. Aurreikuspen guztiak hautsi eta sailkapeneko bosgarren postua eskuratu zuten. Kontxako estropadara ere sailkatzea lortu zuten eta ez edonola, ohorezko txandan aritu baitziren; nahiz eta, azkenean, bosgarren lekuan geratu.

Aurtengoan ere, beste 11 trainerurekin batera, Eusko Label Ligan lehiatuko dira getariarrak. Denboraldia Coruñan hasiko dute, uztailaren 1ean eta 2an jokatuko dituzten jardunaldi banarekin. Gainera, aurtengoan ere, ligako estropadetako bat etxean, Getarian, jokatuko dute, hain justu, abuztuaren 27an.

Taldearen osaera

Aurrez aipatu modura 20 kirolarik osatuko dute Getariako trainerua. Ondokoak dira Esperantzan arraun egingo duten arraunlariak: Jokin Aizpuru (Getaria), Daniel Ariztimuño (Donostia), Iker Castillo (Getaria), Jon Ander De la Hoz (Getaria), Imanol Eizagirre (Zarautz), Unax Eizagirre (Getaria), Iker Etxabe (Getaria), Mattin Etxaniz (Zumaia), Igor Gomez (Getaria), Urko Gurrutxaga (Getaria), Jokin Idiakez (Getaria), Aimar Iraola (Getaria), Ion Larrañaga (Getaria), Julen Manterola (Getaria), Aitzol Martinez (Getaria), Haritz Miralles (Getaria), Jokin Rodriguez (Pasaia), Josu San Sebastian (Orio), Iñaki Ucin (Getaria) eta Jon Ander Zelaiaran (Pasai Donibane).

Aurreko denboraldiarekin alderatuta, bost alta eta lau baja egongo dira. Taldera gehitutako arraunlariak Jokin Aizpuru, Daniel Ariztimuño, Imanol Eizagirre, Julen Materola eta Jokin Rodriguez dira. Aldiz, Ion Etxeberriak, Iraitz Legorburuk, Iosu Rezolak eta Eñaut Silbetik taldea utzi dute.

Zuzendaritzan ere aldaketa handiegirik ez da izango. 13 kideko lantaldea izango dute eta lehendakari modura, Xabier Goikoetxeak jarraituko du.

 

Lotutako albisteak: