Urtarrilean hasitako denboraldiari amaiera ematear dira Getariako arraunlari gaztetxoak. Izan ere, lehian diharduten lau ontzi getariarrek, bihar, apirilaren 13an, jokatuko dute Gipuzkoako Batel Ligako 12. eta azken estropada; 10:00etan hasita, San Pedron.

Lau bateletatik bi mutilen promesen kategorian parte hartzen ari dira. A ontzia denboraldi oso ona ari da egiten: lehenengo bost jardunaldietatik lautan hirugarren postua lortu du eta azken hiru estropadetan, apur bat maila jaitsi badute ere, bosgarren postuak eskuratu ditu. Gauzak horrela, momentuz, sailkapenaren hirugarren lekuan dago eta, Getariako Arraun Elkartetik aitortu dutenez, hirugarren postu horri eustea eta brontzezko dominarekin etxeratzea espero dute. Bontziak, aldiz, sasoi eskasagoa egin du eta hamargarren postuan dago.

Nesken promesen mailan ari da norgehiagokan beste ontzi getariarretako bat. Hura sailkapenaren erdialdean dabil; zehazki, 14. postuan. Denboraldi nahiko gorabeheratsua edukitzen ari dira baina, azkenengo estropadetan egonkortu eta urrats bat aurrera eman dute. Azkenik, gazte kategoriako mutilentzat ez da sasoirik onena izaten ari. Zazpigarren eta azken postuan daude eta azkenaurreko taldeak, San Pedro Bk, 13 puntuko aldea ateratzen die. Beraz, azken estropada irabazita ere, ez dute sailkapenean gora egiteko aukerarik izango.

Gipuzkoako Txapelketa

Biharko estropadak batelen ligako sailkapena zehazteko ez ezik, Gipuzkoako Batel Txapelketako parte hartzaileak nortzuk izango diren erabakizeko balioko du. Hala, estropadan lehenengo zortzi postuak eskuratzen dituztenek lortuko dute biharamunean Gipuzkoako Txapelketa jokatzeko txartela. Bezperan bezala, 10:00etatik aurrera, San Pedron jokatuko da txapelketa.

Lehenengo lau sailkatuek finalean parte hartuko dute eta ondoko laurak Federakuntza Saria lortzeko lehian arituko dira. Kontutan izateko datua: kategoria bakoitzean, klub bereko ontzi bakarrak parte hartu dezake.

Getariako Arraun Elkartetik azaldu dutenez, promesa mailan arraun egiten ari den mutilen ontziarentzat, lehenengo lauren artean egotea izango da erronka. Neskentzat, berriz, Federakuntza Sarian sailkatzea.

Argazkia: Getariako Arraun Elkartea

Lotutako albisteak: