San Prudentzio auzoko jaiak eta Antxoaren Eguna nahiz Arrantzalearen Egunak igaro berritan, iritsi dira Meaga auzoko festak. Hiruzpalau egunez luzatuko den egitarauaren bitartez, San Isidroren jaiak ospatzeari ekingo diote ostiralean, maiatzaren 10ean.

Ostiral iluntzean, 21:00etan, jaurtiko den txupinazoarekin eta ikurriñaren igoerarekin, emango diete hasiera sanisidroei. 22:00etan, Mus txapelketa azkarra egingo dute. Izen-ematea egunean bertan egin beharko da, 21:30etik 22:00etara.

Larunbat arratsaldean ere izango da zer egina. 17:00etan, haur jolasak egingo dituzte eta ondoren, txokolatada. 21:00etan, Julen eta Manex trikitilariek girotuta, triki afaria izango da. Ondoren, giroari jarraipena emanez, elkartean bertan, musika egongo da.

Igandean, 11:00etan, elizkizuna izango da eta 12:30ean, Patata Tortilla Lehiaketa egingo dute. Parte hartzaileak elkartekoa edo getariarra izan beharko du eta etxetik ekarritako tortilla 12:00ak eta 12:30 artean aurkeztu beharko du (derrigorrezko osagaiak: sei arrautza eta patatak). Ondoren, elkarte inguruan, sagardo dastaketa egingo da txerriki errearekin eta Gure Txeru Dantza Taldearen emanaldia.

San Isidroren Eguna

Asteazkenean, maiatzaren 15ean, izango da San Isidroren Eguna. Urtero modura, 10:00etan, Gazte Alaiak txistulariek diana joko dute. 11:00etan, meza eta prozesioa egingo dituzte eta jarraian, elkarte inguruan, txakolin daskaketa egingo da, txerriki erreaz lagunduta.

14:30ean, auzoko adinduen bazkaria izango da Azkue hotelean. Bazkarian izena emateko azken eguna ostirala, maiatzaren 10a, izango da. Harremanetarako kontaktuak Ioseba (609 963 641) eta Idoia (662 073 218) dira. 22:00etan, Izer eta Alabier trikitilariekin erromeria izango da auzoko elkartean.

 

Lotutako albisteak: