Emozioek gainezka egin zuten atzo Irati Idiakezi egindako ongi etorri ekitaldian. Urduritasuna, poza, harrotasuna… sentimendu ugari airean, eta nola ez, bihotzetan. Ekitaldi xumea izan arren, esanahi handikoa izan zen. Nolabait, Idiakezen ibilbide guztiari egindako aitortza bat izan zen.

Koronabirusa dela eta, edukiera mugatuta zegoen eta ez zen herritar guztiei zabaldutako ekitaldia izan. Udalbatzar aretoan, soilik, udaleko zinegotziak, Ketako ordezkariak, eta Idiakezen senitartekoak zeuden; 30 lagun inguru, gutxi gorabehera. Finlandia Munduko Kopan urrezko domina eskuratu ondoren, hauxe izan da Idiakez etxera itzuli den lehen aldia. Eta herritarrek ongi etorri beroa egin zioten.

Guztiak sorpresaz harrapatu zuen Getariako snowboarderra, dena ongi asimilatzeko tarte handiegirik gabe. Asteburuan Espainiako Kopa jokatu eta hirugarren sailkatu ondoren, pozik baina, era berean, nekatuta iritsi zen. Hala ere, horrek ez zion irrifarra kendu ezpainetatik.

Libe Goenagak egindako eta kantatutako bertso batekin ekin zioten ekitaldiari. Bertan, Idiakezen borrokatzeko eta aurrera egiteko indarra goraipatu zituen bertsolariak: “Autobus batek zure hegoak nahiz eta kolpe batean ebaki, azkar heldu zenion zerura igo zaituen taula bati”. Ondoren, Haritz Alberdi alkateak hartu zuen hitza, eta “kirol lorpen guztiengatik eta bizitza transmititzeagatik” zoriondu zuen kirolaria. Idiakezek, malkoei eutsi ezinik, eskerrak eman zizkion herri guztiari. “Hasiera hasieratik, istripua izan nuenetik”, herritarrak ondoan egon direla azaldu zuen. “Orain ere hemen segitzen duzue, eta nire esperientziaren parte ere bazarete”, gaineratu zuen.

Jarraian, udalbatzar aretotik jaitsi eta Idiakezen zain zeuden bere kuadrillakoak. Agurra eta snowboardeko taulekin osatutako arku bat egin zioten bertan. Deialdi publikorik egin ez arren, herritar ugari bertaratu zen plazara, Idiakezekin batera ospatzera orain arteko lorpen guztiak.

Lotutako albisteak: