Hamarnaka herritar eta udal zein Aranzadi Zientzia Elkarteko ordezkariak batu dira gaur goizean Getariako hilerrian Gerra Zibilean eta diktadura frankistako lehen urteetan giza eskubideen urraketak jasan zituztenak omentzeko. Haiek gogoratzeko duela bi urte egindako ekitaldian oroitarri bat jarri zuten Getarian identifikatutako 28 pertsonen izen-abizenekin.

Gaur leku berean batu dira, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak jarraitutako ikerketan beste zortzi getariar identifikatu dituztela jakinarazi dute. “Getariako artxiboko, Erregistro Zibileko eta Espainiar Estatuko artxibo militar zein ez militarretako dokumentuen ikerketan emaitza da hau”, azaldu du Ione Zuloaga ikerlariak. Izen horiek ere oroitarrian zizelkatuta geratu dira.

Haritz Alberdi alkateak identifikatutako getariar bakoitzaren izen-abizenak irakurri eta bertaratutako guztiek Eusko Gudariak abestu dute. Amaitzeko, eskutan zituzten krabelinak eskaini dizkiete, xumeki, omenduei.

 

Liburuaren aurkezpena

Gerra garaian eta ondorengo urteetan herrian gertatutakoak Getaria. 1936-1945. Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan liburuan jaso dituzte. Horren aurkezpena egin dute, eguerdian, Katrapona plazan; jendez bete dira plaza zein inguruak.

Eñaut Elorrieta abeslariak, Mendigoixaliarena kantatuz, eman dio hasiera ekitaldiari. Iker Azkue aurreko legegintzaldiko zinegotziak egin ditu gidari lanak eta udalak memoria historikoa lantzeko azken urteetan bultzatutako hainbat ekitaldi ekarri ditu gogora.

Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusiak, Juantxo Agirrek, honakoa adierazi du: “Giza eskubideak urratzen direnean, egia galtzen da. Egia beste biktima bat izan zen”. Horregatik, ikerketaren eta euskaraz ikasitako ikerlari gazteen garrantzia azpimarratu ditu.

Ione Zuloaga liburuaren idazleak hartu du ondoren hitza, eta emozioz aritu da. Eskerrak eman ditu eta berezitzat jo du aurkezpen ekitaldia, “berezia, orain gutxira arte zuen etxeetan mantendu behar izandako egiak, gaur plazara ekarri baikaitu”. Liburua osatu arte egindako bidea azaldu du, argituz metodo zientifikoetan oinarritutako lana dela.

Ekitaldian izan direnei zuzendu zatzaie ondoren: “Batzuek gerra bizi behar izan zenuten, hango sufrimendua eta une latzak, baita haren ondoren ezarritako diktadura frankista latz eta anker hura ere. 85 urte pasa dira gerra hasi zenetik eta, hein handi batean, bertan parte hartu zuten gehiengoa, gaur egun ez da bizi. Horregatik, haren ondorioak, zuok, senideok ere, bizi izan zenituztelarik, omenaldi hau zuena ere bada”.

Herritarren artean egindako elkarrizketetatik ateratako bi mezu jaurti dizkie bertaratutakoei. Batetik, gerraren sufrimenduaren ondoren, hura berriro ez errepikatzeko nahia, eta bestetik, “sufrimendu eta ankerkeria guztiak tarteko”, aurrera egiteko indarra eta kemena. Euskarak jasandako zapalkuntza ere izan du hizpide, eta gogora ekarri ditu Isabel Etxeberria irakasleak kontatutakoak.

Getariarren bizipenak

Hain zuzen ere, hainbat eta hainbat getariarrek jasandako zapalkuntzari ahotsa jarri diete gaurko ekitaldian Amets Etxabe eta Itsaso Ezenarrok. Denetarikoak deskribatu dituzte: umezurtz geratutako haurrak, anaiak frontera eraman zizkietenak, herritik erbesteratuak, lan behartuak, jazarpena, irainak, metraila zaurien ondorioak bizi osoan, ilea moztu eta herrian ibilarazitako emakumeak, izenak gaztelaniara aldatzea, lana topatzeko zailtasunak “markatuta” geratu izanagatik, errazionamendua…

Haiei gertatutakoaren “zati txiki bat” itzuli beharra aipatu du Azkuek: “Gertatutakoaren memoriak pisu garrantzitsua izan behar du belaunaldi berrientzat, mendekua, krudelkeria eta mina ekarri zituen diktadura luze baten tragedia berriro ez errepikatzeko”.

Gertatutakoa gogoratzeko beharra izan du hizpide Haritz Alberdi Getariako alkateak ere: “Liburu honekin, hilerriko oroitarriarekin… ahanzturaren zingira horretakoak, han gertatutakoak, oroitzea ekarri dugu”, adierazi du Berri Txarrak taldearen kanta bati erreferentzia eginez. Era berean, zin egin du “herri honen kultura, hizkuntza eta munduko herri guztiek askatasunean bizitzeko duten/dugun eskubidea defendatzen” jarraituko dutela.

Liburuaren egitura

Getariarren ahotik bildutako informazio guztia bi liburukitan jaso dute eta egindako elkarrizketen zatiak ere topa daitezke. Transkribapenak bertako euskalkian egin dituzte, “etorkizunean norbaitek Getariako euskalkiaren aldaerak aztertu nahi izango balitu. Gainera, euskalkiak berak elkarrizketatuek esan nahi dutena modu argiagoan transmititzen duela uste dugu”, azaldu du Zuloagak.

Hiru atal nagusitan banatu dute liburua: Bigarren Errepublika Getarian: Garai berri baten hasiera; Gerra hasi zenetik Getarian frankistak sartu ziren arte eta Errepresioa Getarian: Getariarren aurka Lehen Frankismoan. Horietan guztietan emakumeek bizi izandako gertaerak ere biltzen saiatu direla argitu du Zuloagak, “beti ere emakumeen eta gizonezkoen kapituluetako presentzia ahalik eta orekatuena izan dadin”.

 

Lotutako albisteak: