Mundu biraren bosgarren mendeurrenarekin batera, aurten beteko ditu 100 urte Elkanoren lehorreratzearen antzezlanak. Orain arte, bertako protagonistak herritarrak izan dira eta hala izaten jarraituko duela adierazi du udalak.

Aurtengo lehorreratzea berezia izango da eta aurreko urteeetakoekin alderatuta, zenbait berrikuntza izango ditu. Alde batetik, tripulatzaileen artean, orain 500 urte Victoria ontzian etorri ziren hiru indigena ordezkatuz, hiru lagun gehiago egongo dira. Bestetik, kontinenteak ez ditu pertsona bakar batek ordezkatuko, adin desberdinetako 4-5 pertsonek baizik –orotara, 20 lagun inguru beharko dira–. Azkenik, karroza gidatzeko hamar lagun beharko dira. 

Interesatuek udaletxean edo turismo bulegoan eman beharko dute izena bihar, apirilak 27, hasi eta maiatzaren 11 bitartean. Izena ematen dutenen artean zozketa egingo da maiatzaren 14an, 12:00etan, udalbatzar aretoan.

Parte hartzeko baldintzak

Jatorrizko herrietako hiru ordezkariek (indigenek) ondorengo baldintzak bete beharko dituzte: “Getarian erroldatuta egotea (gutxienez 2022. urtearen hasieratik) edo kanpoan bizi arren, Getarian jaioa izatea; 1987. eta 2004. urteen artean, biak barne, jaioa izatea; eta gertaera hura antzezteko itxura fisiko egokia izatea”.

Kontinenteetako ordezkariak edo karroza gidariak izateko baldintza bakarra Getarian erroldatuta egotea (gutxienez 2022. urtearen hasieratik) edo kanpoan bizi arren, Getarian jaioa izatea izango da.

 

Lotutako albisteak: