Pasa den astetik, zabalik dago Euskaraldian izena emateko epea. Aurten azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen ariketa soziala. Aurreko bi edizioetan bezala, norbanakoek erabaki egin beharko dute Ahobizi edo Belarriprest izango diren.

Ahobizi izatea erabakitzen dutenek konpromisoa hartuko dute euskaraz ulertzen dutenekin hala aritzeko une oro, eta kideak euskaraz ulertzen duten ez dakitenetan, lehen hitza euskaraz egiteko eta ulertzen badute haiekin euskaraz jarraitzeko, elkarrizketa elebidunean bada ere.

Belarriprestek, berriz, aldiro erabakiko dute euskaraz noiz eta norekin egin. Ulertzen duten guztiekin euskaraz ez egin arren, dakitenek beraiei euskaraz hitz egitea eskatuko diete.

Izen-ematea

Aurreko Euskaraldiren batean parte hartu zutenek inoiz baino errazagoa izango dute aurten izen-ematea; izan ere, parte-hartzea berretsi besterik ez dute egin beharko. euskaraldia.eus webgunean sartuta edo posta elektronikora bidalitako mezuan zehaztutako urratsak jarraituta egin dezakete. Gainerakoek, bide beretik abiatuta, formularioa bete beharko dute.

Antolatzaileek jakinarazi dute, Euskaraldiaren bezperara arte egongo dela zabalik izen-ematea, hau da, azaroaren 17ra arte.

 

Lotutako albisteak: