Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegiturako ordezkariek argitu dutenez, otsaileko bi denboraleek izan dute eragina Getaria eta Zarautz arteko errepidean. Lehen denboraleak kanpoko erreia kaltetu zuela jakinarazi zuten duela aste batzuk; gaur argitaratu duten oharrean diotenez, berriz, “zulaketak, gaur egun, errepidearen bi erreiei eragiten die”.

“Egonkortze lanak prestatzeko lehen laginketak eta pikatzeak egiten hasi dira”, diote. Hala ere, biharko ere olatu handiak espero dira eta eten egin beharko dituzte lanak, “astelehenean egoera berriz ebaluatu eta noiz berrekin erabakitzeko”.

Lehen erreia segurtatzeko lanek hiru aste iraungo dutela aurreikusten dute, eguraldiak lanak normaltasunez egitea ahalbidetzen badu. Bitarte horretan, errepidea guztiz itxita mantenduko da, baita oinezkoen pasealekua ere. “Une honetan epeak ezin dira zehaztu, baina egoera argitu bezain laster jakinaraziko da hurrengo urratsak zeintzuk izango diren”, argitu dute.

Ibilgailuak Meagatik desbideratzen dira gaur egun eta bertako trafikoa “errazteko”, 15 tona baino gehiagoko kamioiak debekatuko direla azaldu dute Gipuzkoako Foru Aldunditik.

Informazioa herritarrei

“Informazioa ahalik eta azkarren eman ahal izateko”, Aldundiak iragarri du kanal bat irekiko duela astelehenean Telegramen aplikazioan. “Kanal honetan zuzenean emango da errepidearen itxiera eta irekieraren berri datozen asteetan”, zehaztu dute.

N-634 kosta izena izango du Telegrameko kanalak.

Lanen xehetasunak

Denboraleak eragindako zuloa konpontzeko lanen nondik norakoak ere azaldu dituzte Aldundiko ordezkariek. “Konplexua” izango dela jakinarazi dute, “errepidearen egoera eta kokapenagatik”.

“Hasteko, eta prestaketa gisa, zulatutako zatiaren estalkia eraitsiko da, horma berreraikitzean materiala erori ez dadin eta, horrela, segurtasuna bermatzeko. Era berean, oinezkoentzako sarbide bat jarriko da obrako langileentzat, bai eta makinak jaisteko sarbide-arrapala bat ere, mareek uzten dutenean makinak lantokian jarriko dituen garabi baten beharra saihestuz”, zehaztu dute. Horrekin, kostaldeko horma berreraikitzeari ekingo zaio eta, gero, errepideko plataforma eta oinezkoen pasealekua bermatuko dira.

Gaineratu dutenez, “horma berriz estali eta berreraikitako horma babesteko azpi-berritze bat egingo da, 20 m-ko luzerakoa eta 2 m-ko altuerako altxaerarekin; zabalera 1,50 m-koa izango da. Horma berreraikitzeko lanak amaitu ondoren, urbanizazio-elementuak eta eragindako zorua birjarriko dira”.

 

Argazkia: Getariako Udala

Lotutako albisteak: