Ika, ika, ika, hemen dator Korrika! Atzera kontaketa azken ordutan sartu da, bihar eguerdian hasiko baita 23. Korrika, Irunen. Hala, 10 egunez eta 11 gauez, gelditu ere egin gabe, Euskal Herriko txoko ugari zeharkatuko ditu euskararen aldeko egitasmo esanguratsuenetarikoak. Martxoaren 24ean, igandearekin, Baionan amaituko du bere ibilbidea Korrikak, 2792 kilometroren ostean. Getariatik, Baionara joateko autobusa antolatu dute eta interesatuak martxoaren 21a baino lehen eman behar du izena Harritarten.

Herrira martxoaren 20an, goizaldeko 01:36 inguru, helduko da Korrika. Getaria eta Zarautz arteko N-634 errepidea itxita dagonez, Getariarrek Meaga auzoko biribilgunean hartuko dute lekukoa eta Garate Gainetik barrena helduko dira herrigunera. Jada, ekarpena egin duten eragileek zein kilometrotan eramango duten lekukoa zozkatu da eta Presoen Lagunak izango dira lekukoa hartzen lehenak.

Korrika Getariara iritsi aurretik herria girotu asmoz, larunbatean, martxoaren 16an, Getariako Korrika batzordeak antolatuta Harro Herri Getaria eguna ospatuko da. Getariako hamarnaka eragileren elkarlanari esker, arratsalde osoko egitaraua prestatu dute. Hauxe da programazio osoa:

  • 16:00etatik 17:30era, haurrentzat tailerra plazan.
  • 17:30ean hasita, alde zaharrean egingo den kilometro erdi inguruko ibilbideari itzuli bat emango diote herriko 20 eragilek. Ibilbideari lehen buelta emateaz, txistulariak eta buruhandiak arduratuko dira. Horrez gain, Bodegatik podcast saioaren sortzaileek, musika eskolako ikasleek nahiz txalapartariek girotuko dute ibilbidea.
  • 19:30ean, Korrikako abestiaren koreografia dantzatuko da plazan. Herritarrek ikas dezaten, Gure Txeruko helduen dantza taldeko kideek bideo batean grabatu dute dantza.
  • Ondoren, herriko kaleetan barna, bertso poteoa.
  • 20:30ean, ogitartekoak banatuko dituzte plazan.

 

Lotutako albisteak: