100. urteurreneko Elkanoren Lehorreratzean parte hartzeko, orotara, 47 getariarrek eman dute izena: 41 helduk eta sei umek. Izena eman duten lagun kopurua dela-eta, ez da zozketa egin beharrik izan eta beraz, guztiek izango dute irailaren 6ko antzezlanean parte hartzeko aukera.

Izena eman dutenen artean, indigena modura, hiru lagun tripulazioko kide izango dira; 25 herritar inguru kontinenteetako ordezkariak izango dira; eta hamar lagun karroza gidariak. Haritz Alberdi alkateak azaldu duenez, parekidetasunari begira, aniztasuna bilatzen saiatuko dira: “Zeregin guztietan emakumezkoak nahiz gizonezkoak egotea sustatuko dugu”. Hala, aurten, lehenengo aldiz, Victoria ontziko tripulazioko kideetako bat emakumezkoa izango da.

Kontinenteetako ordezkari izateko izena eman dutenek zein kontinente ordezkatu nahi duten adierazi ahalko dute. Gaurkoan, udaletxeko batzar aretora bertaratu direnei, kontinente bakoitzeko pertsonaien jantziak nolakoak izango diren erakutsi dizkiete eta horren arabera, euren hiru lehentasunen berri eman dute. Izena eman duten gainerako kideek ere, aurrerago, horretarako aukera izango dute. Marivi Aranguren turismo teknikariak gogorarazi du jantzi horiek egiten, dagoeneko, 15 lagun inguruko jostun talde bat lanean dabilela.

Lehorreratze berritua

Udaletxeko batzar aretoan dozena bat herritar bildu da eta Alberdik aurtengo Elkanoren Lehorreratzeak izango dituen berritasunak azaldu ditu. Alde batetik, 18 marinel beharrean 21 porturatuko dira; izan ere, gaur egun arte irudikatu ez diren, baina duela 500 urte ontzian iritsi ziren hiru indigenek parte hartuko dute antzezlanean. Tripulazioko 21 marinelek elkarrekin egingo dute eliza arteko bidea eta alkateak azaldu duenez, “antzezpenaren zati honetan, bidaiaren gogortasuna eta jakintza islatuko dira. Marinelek kateez eta kandelez gain, mapak, egurra lantzeko tresnak… edukiko dituzte eskuan”.

Alberdik aurreratu duenez, mundu biraren 500. urteurrenak abestia izango du eta “asmoa da, elizan, Getariako Salbatore Abesbatzak eta Donostiako Orfeoiak, elkarrekin, kanta hori abestea”.

Tripulazioko kideak elizan dauden bitartean, kontinenteetako ordezkarien txanda izango da. Kontinente bakoitza adin eta sexu desberdinetako getariarrek osatutako lauzpabost kideko taldeak ordezkatuko du. Horiek udaletxetik irten eta elizara jaitsiko dira. Ondoren, Elkano eta beste bost lagun, karroza gainean, elizatik Elkanoren Monumentura joango dira. “Karroza gainean nortzuk joango diren, zozketa bidez erabakiko da”, argitu du alkateak.

Azkenik, Plazan beharrean, Elkanoren Monumentuan amaituko da antzezlana: “Monumentuan egingo da herritarren aitortza. Bertan egongo dira Getariako Musika Banda eta Salbatore Abesbatza eta Gora Elkano abestia jo eta kantatuko dute”, dio Alberdik.

 

Lotutako albisteak: