Gaur goizean egin dute Elkanoren Lehorreratzearen aurkezpena udaletxeko batzar aretoan. Azken hiru urteetan gauzatutako parte-hartze prozesuaren emaitza gisa irudikatu du irailaren 6ko ekitaldia Haritz Alberdi alkateak. Gure elkarrizketatik aterako da gure etorkizuna goiburu hartuta gauzatu dute prozesua, eta begirada ezberdinen artean kontakizun bat osatzea kosta egiten dela onartu arren, uste du “antzezlan edo herri honek etorkizuna badu, izango dela gure artean hitz egiten dugulako, dugun jakintza konpartitzen dugulako eta ulertu egiten garelako”.

Hala, aurtengo Lehorreratzea Bira bat, 100 mundu lelopean egingo da eta “berezia” izango dela azaldu du Alberdik. “Hainbat hilabetez, gaur egungo belaunaldiok Elkanoren Lehorreratzearen inguruan hitz egiteko aukera izan dugu: nola ikusten dugun, nola bizi dugun eta nola irudikatu nahi dugun. Horretarako 30 lan bilera egin dira eta 90 herritar inguruk parte hartu dute. Hor ondorioztatu diren gauza asko lehorreratze honetan ikusiko dira”, zehaztu du.

Parte-hartze prozesu horretan bi alderdi markatu direla nabarmendu du Beñat Aristi getariarrak: batetik, historikoa eta, bestetik, antzezpenak herrian izan duen tradizioa. Lehenengoan, aztertu dute zer den antzeztu izan dena eta zer historikoa, baita urteurren honetan zer antzeztu zitekeen ere. Esaterako, gaitzat izan dute munduari bira eman zion espedizio hartan Moluketatik etorritako hiru indigenak ez antzeztu izana azken ehun urteetan. Denbora honetan, lehorreratzea “transformatu” egin dela argitu du Aristik, eta egindako hausnarketarekin bat eginez, orain arteko tripulatzaileez gain, indigenak porturatuko dira aurtengo Lehorreratzean.

Eraldaketa horren baitan, ibilbidean zehar egiten den lokuzioa ere berritu egin dute. “Kontakizun hori ere jakintza berrira eguneratu da, egin nahi dugun horretara eta etorkizunean nahi dugunera”, zehaztu du Alberdik.

Karlos V.aren desagertzea

Aristik aurreratu duenez, kontinenteen pasartea mantendu egingo da, nahiz eta, “kontinente estereotipatuak erabili ordez”, parte-hartzea zabaldu egingo den eta ordezkariak taldeka aterako diren. Hala, helduek, gazteek zein umeek irudikatuko dituzte kontinenteak. Bada beste berrikuntza bat ere pasarte honetan; izan ere, “Elkanoren bidaia irudikatze aldera, garai hartako munduko indigenak ordezkatuko dituzte, Ameriketako patagoiak, Afrikako Cabo Verdeko indigenak…”. Europaren ordezkaritza Euskal Herriak hartuko du.

Azkenik, Lehorreratzearen amaierako pasartea erabat aldatuko dute. “Horretarako nahia agertu zen eta egokiagoa ikusten zen Elkanoren monumentua Karlos V.aren harrera hura irudikatzeko erabili beharrean, Elkano omentzeko eta mundu anitz bat irudikatzeko erabiltzea”, azaldu du Aristik. Ondorioz, desagertu egingo da erregearen gorazarrea eta horren ordez, aniztasuna erakusteko figura bat irudikatuko dute kontinenteek. Kokalekua aldatuta baina Gora Elkano abestuz amaituko da aurten ere Lehorreratzea.

Errepide mozketak

Ane Loidik irailaren 6rako informazio praktikoa eman du gaurko prentsaurrekoan. Errepidea itxita egongo da 15:30etik 20:00etara, bai Zumaiako noranzkoan bai Zarauzkoan. Meagatik barrena sartu nahi duenak ere itxita topatuko du N-634 errepidea.

Jendeak Getariara etorri ahal izateko, autobusen maiztasuna handituko da. Hala, ohiko geralekuak errespetatuz, 15 minuturo irtengo dira autobusak Zumaiatik nahiz Zarauztik. Zumaiatik datozenak Gaztetapen geratuko dira eta Zarauzkoak, aldiz, frontoi ondoko geralekuan. Horrez gain, Arroako Sansinenea industriagunetik lanzadera jarriko da; ordu erdiro aterako dira autobusak.

Bestalde, tripulatzaileei elizan egingo zaien harrera bertatik bertara ikusi ahal izango da, baina aurrez izena eman behar da turismo bulegoan. Herriko abesbatzaz gain, Donostiako Orfeoiak ere kontzertu txiki bat emango du aurten. Lehorreratzea frontoiko pantaila handian ikusi nahi dutenek ere aurrez eman beharko dute izena. Kasu honetan mugikortasun arazoak dituztenek eta helduek izango dute lehentasuna.

Vera Cruz bisitatzeko aukera

Atzo heldu zen Getariara lehorreratzean erabiliko den Vera Cruz karabela. Bihartik aurrera –irailaren 1ean, 2an, 3an, 5ean eta 7an– barrutik ikusteko aukera egongo da, euro baten truke. Getariarrek, doan, gonbidapenak eskuratzeko aukera izango dute turismo bulegoan. Pertsonako, gehienez, bi eskatu ahal izango dira, guztiak agortu arte.

2000. urtean eraiki zuten ontzia XV. eta XVI. mendeetako erreplika da. Bisita bakoitzean 40 pertsona sar daitezke, eta 20 minutuko iraupena izango du.

 

 

 

 

Lotutako albisteak: